Gipuzkoako Foru Aldundia

GIPUZKOAKO PROTOKOLOEN ARTXIBO HISTORIKOA

Unibertsitateko etorbidea 8. 20560 - OÑATI
Tel.: +34 943 781205 / +34 943 783413
ahpg-gpah@gipuzkoa.eus

Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa

Unibertsitateko etorbidea, 8. 20560 – OÑATI
Tel.: +34 943 78 12 05 – + 34 943 78 34 13 / ahpg-gpah@gipuzkoa.eus

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa

Ibarra Zelai,4. 20560 – OÑATI
Tel.: +34 943 02 33 30 / ahpg-gpah@gipuzkoa.eus
Vinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo SliderVinaora Nivo Slider
Home > Berriak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Gipuzkoako Probintziako Artxibo Probintzialaren inguruan aurreikusten dituen lan lerroak aurkezten ditu, baita Artxibo Historiko Probintziala eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa bateratzeko egitasmoa.

 

Ekainaren 4an, Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak (Eusko Jaurlaritza-Gipuzkoako Lurralde Historikoa) akordio bat onartu zuen Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dauden Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari lotuta. Akordio berri hori dela eta, hemendik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa kudeatzeaz; Foru Aldundia izango da dokumentu funtsen titularra eta Estatua eraikinarena.  2011tik, Eusko Jaurlaritza izan da hiru lurraldeetako probintzia artxibo historikoak kudeatu dituena, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez.

Funtzio eta zerbitzuen eskualdaketa hori egiaztatu ondoren, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuan integratu da. Zerbitzu hori Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren barnean dago, eta Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa) eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Oñati) ere hartzen ditu bere baitan.

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak Estatuak Gipuzkoan duen ordezko administrazioan sortutako dokumentazioa biltzen du, XIX. mende amaieratik duela gutxira artekoak, eta bertako dokumentu ondarea interes handikoa bada ere, eragin gutxi izan du lurraldean, duela gutxi sortu delako eta ez duelako nahikoa giza baliabide eta bitarteko material izan bilketa, kontserbazio, antolaketa eta zabalkunde lanetarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eskumenak eskualdatzearekin batera, aldaketa nabarmenak egongo dira lurraldeko dokumentu ondarea kudeatzeari begira, eta uste dugu oso positiboak izango direla.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Probintziako Artxibo Historikoaren kudeaketa bere gain hartuta, uztartuko ditu, alde batetik, artxibo zerbitzuetan duen esperientzia luzea, foru artxibo historikoak, eta  informazio baliabideak, bereziki, Gipuzkoako artxiboen ataria, eta, bestetik, artxibo honen funts dokumentalak eta azpiegitura, garrantzia handikoak baitira. Aldundiaren eta estatuaren titularitateko dokumentu ondareak unitate batek kudeatu ahal izatea positiboa da, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko, eta lana eta baliabideak arrazionalizatzeko orduan.

Horri esker, Probintziako Artxibo Historikoa ikusgarriagoa izango da, kontsulta zirkuituetan sartuko da, herritarrek eskura izango dute, eta ageriago egongo da, batez ere Interneten. Azken horrek eragin nabarmena izango du, bereziki, gure historia garaikidea ezagutzeko, bai eta historiako garai nahasi eta tragikoenak ere.

Oraingoz, azpiegitura handi bat dugu, potentzial handikoa lurraldearentzat. Proiektuaren bideragarritasuna eta jasangarritasuna bermatuta daude, eskualdaketarekin batera jasotako 905.000 euroko aurrekontuari esker.

Etorkizuneko proiektu honen oinarriak zehazteari begira, alderdi hauetan lanean ari gara:

a. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa artikulatzea foru administrazioan eta Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuan.

b. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa bateratzea.
c. Lan ildoak zehaztea, epe labur, ertain eta luzera begira:

-Estatuak Gipuzkoan duen ordezko administrazioari dagozkion dokumentu funtsak lokalizatu eta identifikatzea. Lehen emaitzak dagoeneko ikusgai daude web honetan.

-Egun, Artxiboan gordeta dagoen dokumentazioa deskribatzea, eta lehentasunak zehaztea, dokumentuen edukiaren eta herritarren eskarien arabera.

-Edukiak sortzea programatutako ikerketen bidez

-Zabalkunde politika bat aurrera eramatea, modu errazean iragana ezagutzeko aukera emango duena dokumentu bereziei esker

-Sortutako informazioa berehala zabaltzea Gipuzkoako artxibo atariaren bidez

 

Artxibo Historikoaren eraikina, berez baliotsua

Eraikinari dagokionez, ekipamendu handia da, 2002 eta 2003 artean eraikia, 5.487 m²-koa guztira, artxibo historikoaren zereginak betetzea bermatzeko behar diren instalazioak dituena, hau da, balio historikoa duen dokumentazioa jaso, antolatu, kontserbatu eta zabaltzea. 19 kilometro dokumentu gordetzeko edukiera du, 16 gordailu independetetan banatuta, 2.200 m²-ko azalera guztira, eta segurtasun neurri guztiez hornituta dago.  

Eremu publiko bat ere badu: 250 m²-ko irakurketa gela bat 40 lagunentzat, 300 m²-ko erabilera anitzeko espazio bat (ekitaldi aretoa eta erakusketa gela), eta 45 m²-ko bi areto txiki, erabilera didaktikoetarako. Zeregin administratiboetarako eremuak (zuzendaritza, teknikarien lan eremuak, eta abar) 220 m² hartzen ditu, eta, horrez gain, agiriak zaharberritzeko tailer handi bat, erakusketa gela bat eta hainbat instalazio osagarri ere baditu.

Gipuzkoan ez dago artxibo honek adina kontserbazio bolumen duen artxibo historikorik.  Espazio honek dituen erabilera aukerak direla eta potentzial handia du, bai orain arte sortutako dokumentazioa gordetzeko zein etorkizunean dokumentazioa  kontserbatzeko gordailu iraunkor gisa.

 

Dokumentu funtsak

Dokumentu funtsei dagokienez, gaur egun, 3,4 km dokumentu dago, XIX. mendetik hasi eta oraintsu artekoak: ikusi web honetan bertan.

Azken eguneratzea hemen: Igandea, 2018(e)ko uztaila(r)en 29-(e)an 21:14etan
E-posta Inprimatu