Pasaden asteburuan Ondarearen Europako Jardunaldiak 2020 ospatu dira ‘Kontaiguzu Ondarea' lelopean. Eta artxiboak, Oñatiko Turismo Bulegoarekin batera, 'Sancti Spiritus, Euskal Herriko Lehen Unibertsitatea' bisita gidatua antolatu du.
Bisita hauetan Sancti Spiritus Unibertsitatearen eraikina eta artxiboa bisitatu dira. Kolegioak sortutako dokumentuak eta liburutegiko ale batzuk erakutsi dira. Azkenik, artxiboaren bisita gidatua egin da, liburutegiaren funts bibliografikoa dagoen gordailua erakutsiz.
Erakusketaren helburua izan da hauxe aditzera ematea: nola sortu zen, zein unibertsitate mota izan zen, nola funtzionatu zuen urteetan zehar eta nolakoa izan zen ikastetxearen eguneroko bizitza. Ondare dokumental eta monumentala mantentzen duen unibertsitate bakarretakoa da Oñatikoa.