Gipuzkoako Foru Aldundia

GIPUZKOAKO PROTOKOLOEN ARTXIBO HISTORIKOA

Unibertsitateko etorbidea 8. 20560 - OÑATI
Tel.: +34 943 781205 / +34 943 783413
ahpg-gpah@gipuzkoa.net
Home > Funtsak > Funtsak > Notario funtsak (XVI. mendea - 1910)

Notario funtsak (XVI. mendea - 1910)

 

                        Ikus bideo argigarri hau

Notario funtsen inbentario orokorra

Notario funtsek hainbat tresna deskribatzaile dituzte, tresna horiek Gipuzkoako artxibo atarian kontsultatu dezakezu. Inbentario hau atal hauetan zatitua dago (ikus nahi bada notario funtsen mapa):

Zer dira notario funtsak?

Notario funtsak eskribauek edo notarioek haien eginkizunetan sortutako agirien bildumak edo elkarketak dira. Eskribau eta notarioek partikularrek bultzatutako ekintza juridikoen testigantza ematen dute, ekintza horiei balore juridikoa ematearren. Ekintza horien testigantza bakoitza notario eskritura bat da.

Artxiboan notario agirien elkarketak kudeatzen ditugu gehien bat. Elkarketa hauen maila xeheenean notario eskriturak daude. Informazio mailaketa hau kontutan hartzea, agirien elkarketatik notario eskrituretara doan bidea ondo ulertzea eta ustiatzea, ezinbestekoa da notario funtsek dituzten informazioa aprobetxatzeko. Ezinezkoa zaigu eskritura guzti-guztien gaineko informazioa izatea, oso handia baita kontserbatzen ditugun eskritura kopurua. Gure kontsulta sistematan agirien elkarketako %100 deskribatuta dago, eskrituren kasuan, berriz, %15a besterik ez dago deskribatuta (eta hori beste notario artxiboekin konparatuta oso kantitea handia da).

Horrexegatik guztiagatik, deskripzio zehatz-zehatza ez duen eskrituretako % 85 hori kontsultatzerakoan jo behar izaten dugu elkarketa edo protokoloen 'arakatze' linealetara. Hau da, jatorrizko dokumentuak artxiboan bertan kontsultatzera, edota notario eta eskribauen aurkibideak arakatzera.

Kontsulta sistema ezagutu nahi izanez gero joan 'Nola aurkitu artxiboko agiriak' atalera. 

 

Zeintzuk dira Oñatin kontserbatzen ditugun notario funtsak?

Notario-funtsak ehun urte baino gehiago dituzten protokoloez osatuak daude, gaur egungo Azpeitia, Bergara eta Donostiako notario-barrutietatik datoz.

Protokolo bat, eskribau edo notario baten aurrean pasatako notario-eskrituren elkarketa bat da. Eskribau eta notario hitzek, berriz, garai ezberdinetan lanbide bera zuten pertsonari egiten diote erreferentzia.

Esan bezala, artxibo honetan Gipuzkoako lurralde historiakoan gaur egun dauden lau barrutietako hiruk sortu duten dokumentazioa kontserbatu eta gordetzen da: Azpeitia, Bergara eta Donostiako barrutikoak. Laugarren barrutikoak, Tolosakoak, alegia, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean kontserbatzen dira.

Notario-dokumentuak artxibo ezberdinetan egotearen arrazoia notarioen barne-antolakuntzan datza. Hauek kolegiotan biltzen dira eta halaber, kolegioak barrutietan zatitzen dira. Gipuzkoa Euskadiko notario-kolegioaren barruan dago eta lau barruti ditu. Barruti bakoitzak berezko notario-artxiboa du, non notarioen protokoloak gordetzen diren 25 urte dituztenetik 100 betetzera arte. Adin honetara iristen direnean, gurea bezalako artxibo historikoetara eramaten dira. Tolosako notario-barrutikoak Tolosara eramaten dira eta beste guztiak, aldiz, Oñatira.

 

Nola daude antolatuak notario-dokumentuak?

Notario-dokumentuak protokolotan antolatzen dira, alegia, liburu forman jasotzen diren eskritura multzo batean, zeina notario batek denbora tarte jakin batean eta eskualde edo jurisdikzio jakin batean eman dituen. Hori da notario-dokumentuak aurkitzen laguntzen digun oinarrizko unitatea: notario bat, leku edo jurisdikzio bat eta data bat. Hiru faktore horien konbinazioarekin aritzea da dokumentuak topatzeko egin behar dugun bidea.

Notario-protokoloak beren jatorriaren arabera sailkatuta eta elkartuta daude; elkartzea, Gipuzkoako herri bakoitzeko notariotza edo eskribautzen arabera egiten dugu. Gipuzkoako herri guztiek ez dute izan notariotza edo eskribautzarik baina XIX. mende erdialdera arte askok bazituzten. Interesgarria da Gipuzkoako eskribautzen mapa ezagutzea (XVI. mendea-1861) eta baita, Gipuzkoako notariotzen mapa ezagutzea (1862- ).

Eskribautza edo notariotza batetik datozen dokumentu multzoari “(herria)ren notariotza funtsa” edo “(herria)ren eskribautza funtsa” deitzen diogu.

 

Antzinako Erregimeneko notario funtsak (XVI. mendea-1862)

1862ra arte, gorabeheraren bat ezik, Gipuzkoako notario-funtzioa ia osotasunean udalerriei lotua egon zen. Udalerrien garrantzia Gaztelako Juana erreginak emandako 1513ko pribilegio batean du oinarri, honen bidez, hutsik zeuden eskribautza publikoak betetzeko eskumena udalbatzetan gelditu baitzen. Horregatik, protokoloen jatorri geografikoa errespetatuz, 1862ra arteko notario-funtsen antolakutzak Gipuzkoako udalerrien eskribautza publikoak hartzen ditu oinarritzat.

Antzinako Erregimen notariala XVI. mendetik 1862ra arteko garai bezala ulertzen badugu, orduan Gipuzkoako eskribautza publikoak udal eskribautzen inguruan antolatuta zeudela ikusiko dugu. Udal eskribautza haiek “zenbakikoak” bezala ere ezagunak ziren, notarioak “zenbaki-eskribau” izena hartzen baitzuten. Udal eskribautzak udalerrietako udalen esku zeuden, haiek izendatzen baitzituzten; eta eskribau batek bere kargua beste pertsona batengan uko egiterakoan ere, udalbatzak ziren onespena eman behar zutenak. Hiribildu bakoitzak zenbaki eskribautza bat edo gehiago izan zitzakeen, udalerriaren garrantzia zein zen eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako notario-plantan nola agertzen zen kontuan hartuta.

Bestalde, zenbaki-eskribauez gain, probintzian beste 10 errege eskribauk aritzeko eskumena zuten. Horiek ez zeuden inongo udal eskribautzari atxikita. Haien inguruan ditugun berriak, ordea, oso eskasak dira, bai baitirudi nahiago izaten zutela zenbaki-eskribautzaren bat eskuratu eta hartan jarduin, diru-sarrera hobeak bermatzen zikielako..

Alabaina, ohikoa da zenbaki-eskribauen protokoloen funtsetan, horien hainbat jardueraren emaitza ikustea, alegia, fede publikoaren emaile aritzeaz gain, beste eskribau jardueratan aritzea. Askotan eskribauek beste funtzio ugari bete zitzaketen: udal eskribauarena, alkateen epaitegietako eskribau postua edota komentuak bezalako erakundeen eskribau propio bezala aritzea. Edonola ere, funts hauek guztiak batera kontserbatu izan ziren eta horregatik topatzen ditugu gaur egun ditugun protokoloen artean.

Artxiboan ditugun Antzinako Erregimeneko funts-notarial gehienak XVI. mendetik aurrerakoak dira, baina badugu aurreko mendeko eskriturarik ere: zaharrena 1445ekoa da. Protokolo-funtsak irekiak dira eta, beraz, urtero jasotzen dira protokolo berriak; ehun urte betetzen dituztenak, alegia.

Eskribautza hauez gain, Gipuzkoan, XVIII. mendean eskribautza berezi batzuk sortu ziren, Gerra eta Itsaso edo Ogasunaren eskribautzak bezalakoak . Notario-funtsak jatorri ezberdin hauek errespetatuz antolatu dira.

 

Funts notarial garaikideak (1862- )

1862tik aurrera, antolakuntza notarialak goitik beherako aldaketa izan zuen. Baimendutako notarioen kopurua arruntz murriztu zen eta orduz geroztik, notarioak Iruñeko Notario Kolegioak duen plantaren arabera antolatzen dira. Gipuzkoa kolegio horren barruan sartzen da eta egitura horretan barne antolaketa du, probintzia lau notario-barrutitan bereizitata. Barruti horiek egoitza-herri batzuk dituzte eta notario kopuru jakin bat dute. Hala, 1861ra arte zeuden 48 egoitzetatik (hiribildu bakoitzeko, bat), 1862an 15 izatera pasatu ziren. Ondorioz, guretzako garaikideak diren notario funtsak, 1861etik aurrerakoak, Notariotza Legeak ezarritako egitura administratiboaren arabera antolatuta daude. Ikusi Gipuzkoako notariotzen mapa.

Azken eguneratzea hemen: Astelehena, 2016(e)ko martxoa(r)en 07-(e)an 08:43etan
E-posta Inprimatu